XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Hortaz, dena da gramatika analogian. Baina hori egia izanik ere, berehala erantsi behar dugu, dena den, sorturiko forma hori hizketari bakarrik dagokiola, hiztun bakartu baten noizean behingo ekintza baita.

Hain zuzen arlo horretan, eta hizkuntzaz kanpo, komeni zaigu fenomenoari atxikitzea. Halere, bi gauza bereizi behar dira: 1. forma sortzaileen arteko erlazioa ulertzea. 2. erkaketak iradokitzen duen emaitza, hots, hiztunak, bere pentsamendua adierazteko, esan duen forma berria.

Analogiak, beraz, hizkuntza eta hizketa bereizten erakusten digu (ik. 44. orr. eta hh.); bigarrena alegia, hizketa, lehenaren menpekoa dela agertzen digu, eta 165. orrialdean deskribatu dugun aldetik aintzat harturiko hizkuntza mekanismora hurbiltzen gaitu.

Forma baten sortzea baino lehen, beti, hizkuntzaren altxorrean ezarritako materialen konparazio oharkabea gertatu behar da (altxor horretan, forma sortzaileak erlazio sintagmatikoen eta asoziatiboen arabera daude antolatuak).

Hortaz, forma berria agertu deino, betea zegoen fenomenoaren zati oso bat. Mintzairak, etengabe, datozkion banakoak deskonposatzen ditu, eta ohiko erabileraren arabera hitz egiteko ahalbideak ez ezik, analogiaz ager daitezkeen forma guztienak ere barnean ditu. Hortaz, uste okerra da pentsatzea forma bat sortzeko prozesua hura agertu denean hasi dela, osagaiak lehenagotik baitzeuden.

Asma dezakegun hitz bat, in-décor-able adibidez, hizkuntzan dago, osa zitekeen aldetik; haren elementu guztiak décor-er, décor-ation: pardonn-able, mani-able: in-connu, in-sensé eta abarreko sintagmetan daude, eta gauza hutsala da hitz hori azkenean hizketan gauzatzea edo ez, hitz hori osatu ahal izateko aukeraren beraren aldean.

Laburbilduz, analogia, berez, interpretazioaren fenomenoaren alderdi bat, alegia hizkuntza iharduera orokor baten agerpena, baizik ez da. Jarduera horretan, banakoak bereizten dira, gero banako horiek erabili ahal izateko. Eta hori dela eta, esan ohi dugu analogia erabat gramatikala eta sinkronikoa dela.

Analogiaren izaera hori dela eta, bi oharpen egin ditzakegu, erabat arbitrario eta erlatiboki arbitrarioari buruz dugun ikuspegia baieztatzen dutenak (ik. 166. orr. eta hh.).

1. Hitzen sailkapena, haiek duten beste hitz batzuk sortzeko ahalmenaren arabera egin liteke.